Urteak pasa, eta Mikel Kazalis eta bere mutilek Thrash Metalaren erreferente izaten jarraitzen dute. Zarauzko laukotearen zaleentzat Anestesia garantia bat da, egurra eta kalitatea bermatuta izango ditugunaren seinale.

Zarauzko Fidelena estudioan grabatu, eta bigarrenekoz, Bonbereneak argitaratutako bomba musikal honetan (“Zirkulutik espiralera”, 2015), aurreko lanean (“Terapia”, 2006) baino oraindik egur eta abiada gehiago sartu dute 13 abesti zorroztuetan. “Gogorragoa dela diote, bai, nahiko kañeroa… Denetik dauka, oso disko bariatua gelditu zaigu, eta aldaketa guztien artean, egurra dago, bai… Aspaldiko egurra, beste erritmo ezberdinekin uztartuta. Nik uste dut ez dela oso disko erreza agian, baina azkenean oso ondo gelditu dela esango nuke, eta jendea ere oraingoz oso ondo hitzegiten ari zaigu diskoaz” bota digu Mikelek.

Gitarra solorik ez dago, bai ordea riff errepikakorrak, bonbo bikoitza, ahots guturalak… Deskantsurik ez 12 abestietan! Baladarik ez al duzue grabatuko sekulan? Kar-kar . “Espirala” gure balada bat da… erantzun digu Kazalisek, umorearekin. “Gauza batzuetan aspaldiko joera batzuk berreskuratu ditugu, adibidez erritmo aldaketa asko egitea, eta azkartasun gehiago ere agian, abesti batzuk oso laburrak… maketen garaiko joerak. Baina elementu berriekin, esperimentatu ere egin dugu”.

“Noraino versus nondik” erabat adiktiboa da, erritmo errepikakor gaindiezin horrekin. Beste artelan bat “Arrain abisalak” da, astuna, mamut baten pausua bezain geldoa daukana. Riff potente horrekin, ene ustez diskoaren gailurra jotzen du. Bikaina! “Mila esker! Bai, bi hoiek jotzen ditugun artean daude… Abesti dezente jotzen ari gara disko berritik, 9 edo 10”. “Amets fabrika”, Putzuzulo gaztetxearen 10. Urteurreneko abestiaren bideoklipa ere badaukazue. Erreferente bat bihurtu al da Putzuzulo amets fabrika Zarautz eta inguruetan? “Bai, ikaragarria da 9 urte hauetan egin dutena herriari saltsa pixka bat jartzeko, eta klipa hori eskertzeko modu bat zen”.

Hitzei buruz, “batzuk atera ziren oso ilunak eta barnerakoiak, pertsonalak… garai baten isla edo… Eta gero beste batzuk kritikoagoak dira, sozialagoak. Baina beti bezala, gizakiari begira, autokritika eta askatasuna ardatz hartuta. Erresistentzia, maitasuna, pasioak, gerra… Eta hiru kolaborazio izan ditugu: Fermin Muguruza “Droneak, gerra makurra” abestiaren hitzak egin ditu, Jon Gerediaga poeta eta dramaturgoak “Abdikazio”-renak, eta Doc Arritmia poeta katalanaren poema batean oinarrituta daude “Korapiloak”-en hitzak.

Anestesia azken urteotan lozorroan izan dugu, kontzertu batzuk egin dituzuen arren. “Gure erritmo naturala da, batzuetan atsedena hartu behar da inertziagatik ez jarraitzeko, eta horrek bermatzen du egiten duzuna benetakoa izatea. Eta bide batez, beste kezka musikal batzuk kanporatzeko lagundu egiten dute tarte horiek”. Dena den, zuen ikuslegoak nahiko fidela dirudi, eta benetako kaña nahi duenean badaki nora jo behar duen, hutsegiteko beldurrik gabe. “Nahiko fidela, bai… baita gu ere, horregatik azkenean harreman egonkor bat sortzen da”.